XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11 Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahozpezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, eskuerakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra.

12 Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

13 Jakintsuek aldegin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.

Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko.

14 Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora aldegin zuen.

15 Han bizi izan zen, Herodes hil arte.

Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zen:

Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari..

16 Herodes erregea, jakintsuek engainatu egin zutela oharturik, biziki haserretu zen, eta Belenen eta inguruetan bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindu zuen, jakintsuek adierazitako denbora kontuan harturik.

17 Honela bete zen Jeremias profetak esana:

18 Entzun!

Aieneak eta negar samina Raman!

Rakel ari da bere haurrengatik negarrez:

ez du kontsolatu nahi,

ez baitira bizi.

19 Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton, 20 eta esan zion: Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak.